Kategoria Edariak
Denboraldiko hilabeteak: Urte osoa

Limoi-zukua edo limoi-ura deritzo limoien endokarpotik zukua ateratzean lortzen den likidoari. Fruituaren pisuaren %30 izaten da.

Bere zapore azido bereizgarri hori azido zitrikoak ematen dio. Azido hauek ahosabaian «defentsa» erreakzio bat eragiten dute eta listu-jariatzeak gora egiten du. Era honetan, azidoak disolbatzen dira eta ahoko epitelioan duten eragin kaltegarria txikiagotzen da.

Limoi-zukua azidoa da normalean; hala ere, limoiak usteltzen hasten direnean, zukua mingotsa bilakatu daiteke.

Sukaldean askotan erabiltzen da platerei zapore azidoa emateko, eta batzuetan, olio-ozpinei botatzen zaie. Limoi-zukua haragien zenbait marinatuetan erabiltzen da. Haragia sukaldatu aurretik botatzen da zukua; izan ere, limoiaren azidoa haragiaren zuntzen kolagenoak partzialki hidrolizatzen ditu, hau da, haragia biguntzen du. Entsaladen gatzozpinetan ozpinen ordezko gisa balio du; gainera, ozpina baino digestiboagoa da. Arrainen zebitxeak egiteko erabiltzen da, baita gozogintzako zenbait produktuei (tartak, pastelak, etab.) usaina emateko ere.

Limoi-zukua, ura eta azukrea limonadaren osagaiak dira, eta limonada koktelak egiteko edota infusioei usaina emateko erabiltzen da.

Batzuetan, hainbat elikagai (berenjenak, sagar zatiak, bananak, ahuakateak eta zenbait ortuari, patata esaterako, zurituta daudenean) airearekin kontaktuan jartzean, oxidatu ez daitezen limoi-zuku tanta batzuk botatzen zaizkie; era honetan, azidoak elikagai horien mamia oxidatzearen ondorioz iluntzea ekiditen du.

Nutrizio-informazioa (0.1 l)
Zuntza 0.1 g
Gantz azido aseak 0.0 g
Gantz azido monoasegabeak 0.0 g
Gantz azido poliasegabeak 0.0 g
Kolesterola 0.0 mg
Kaltzioa 7.0 mg
Burdina 0.1 mg
Zinka 0.0 mg
A bitamina 2.0 ug
C bitamina 36.0 g
Azido folikoa 13.0 ug
Gatza (Sodioa) 1.0 mg
Azukreak 1.6 g
Datuek orientatzeko balio dute eta ez dira osasun-helburuekin erabili behar.Webgunearen arduradunek ez dute inolako erantzukizunik onartzen.
Errezetak