Kategoria Lekaleak
Denboraldiko hilabeteak: Iraila, Urria, Azaroa
Alergenoak
Gluten-aztarnak
Gluten-aztarnak

Lekadun hau jatorriz Asiako hego-mendebaldeko herrialdeetakoa da, eta horietatik berehala zabaldu zen Mediterraneo-arroko herrialdeetara. Gaur egun asko lantzen da landare hau eskualde epel guztietan, biltzen erraza delako, bere laborantza zerealenarekin txandatzean lurra biziberritzen laguntzen duelako eta energia askokoa, merkea eta kontserbatzen eta beste edozein janarirekin konbinatzen erraza delako. Mundu mailan gehien ekoizten dutenak Turkia eta India dira.

Kontsumorako, bi barietate lantzen dira batik bat: batek hazi txikiak ematen ditu (3-6 mm diametrokoak), gaztaina-kolorekoak, eta besteak, berriz, horiak eta handiagoak (6-9 mm diametrokoak). Baina beste hainbat dilista-mota daude, haziaren kolorearen arabera sailkatuta. Hauek dira dilista arruntenak: dilista berdea edo berdexka (Dupuyensis barietatea), txikia eta kolore berde edo berde-horixkakoa, orban beltzaranak dituena; dilista handia deitua, lenteja horaila edo erreginarena, bi azpibarietaterekin: Gaztelako horaila eta La Armuña-ko horaila (Vulgaris barieatea); dilista horia, jatorri asiarrekoa; dilista laranja, Ekialde Hurbileko oinarrizko janaria dena; dilista arrea eta arrexka (Vairabilis barietatea), jatorri indiarrekoa; dilista gorria, oso zapore finekoa eta oso egokia pureak egiteko; eta dilista berde-urdina, sumendi-eskualdeetan hazten dena. Estatuan gehien saltzen diren barietateak, Gaztelako eta La Armuña-ko dilista horaila, pardina (arrexka) eta dilista berdea edo berdexka dira.

Dilista mantenugai asko biltzen dituen janaria da. Karbono-hidratoak ditu gehien, eta almidoiz osatuak daude horiek funtsean. Landare-proteinak dira, baina osatugabeak gehienak, metionina-eskasia dute-eta (nahitaezko aminoazido bat). Baina dilistak arroza bezalako zerealekin (hau da, aminoazido asko dutenekin) nahasten badira, balio biologiko handiko proteina bihurtzen dira, animalia-jatorriko janariek dituztenen pareko hain zuzen ere. Oso lipido gutxikoa da. Eta zuntza ere, franko duen arren, beste lekadunek baino gutxiago du. Bitaminei dagokienez, B1, B3 eta B6 askokoa da, baina ez horrenbeste azido folikoa. Zink eta selenio asko du, baina batez ere burdina, gorputzak animalia-jatorriko janarietan dagoena baino nekezago bereganatzen badu ere. Selenioa mineral antioxidatzaile bat da, giza gorputzeko zelulak erradikal askeek eragiten duten oxidaziotik babesten dituena.

Nutrizio-informazioa (0.1 kg)
Zuntza 11.2 g
Gantz azido aseak 0.33 g
Gantz azido monoasegabeak 0.0 g
Gantz azido poliasegabeak 1.0 g
Kolesterola 0.0 mg
Kaltzioa 56.0 mg
Burdina 7.1 mg
Zinka 3.1 mg
A bitamina 10.0 ug
C bitamina 3.0 g
Azido folikoa 35.0 ug
Gatza (Sodioa) 40.0 mg
Azukreak 1.33 g
Datuek orientatzeko balio dute eta ez dira osasun-helburuekin erabili behar.Webgunearen arduradunek ez dute inolako erantzukizunik onartzen.